miércoles, 25 de septiembre de 2013

Mokozabalaren garaia


Egun hauetan, milaka eta milaka Mokozabal Plaiaundiko zerua zeharkatzen ari dira hegoalderantz abiatzeko, migrazio garaia baita. 


Orain dela urte batzuk, berriz, espezie honen habitatean gizakiak izan zuen eragin kaltegarriagatik, ez zen hainbeste Mokozabal ikusten. Espeziea desagertzeko zorian egon zen. 



Espezie honek Plaiaundiko paduren antzeko hezeguneak behar ditu bizirauteko. Horregatik da hain garrantzitsua hezeguneen zaintza eta babesa.

Plaiaunditik igarotzen diren Mokozabal gehienak ipar mendebaldetik datozte; hau da, Dinamarka, Alemania, Holanda, Belgika eta Frantziatik.

Baina, Mokozabal bat nondik datorren nola jakin daiteke?

Eraztunduta datozten indibiduoen jatorria erraz ezagutu daiteke, NAN baten antzera, eraztunek  beren informazio osoa ematen baitute. 




Irailaren 5ean, hamazazpi Mokozabal San Lorenzoko aintziran azaldu ziren. Haien artean batek bi hanketan eraztunak zituen. Eraztunen irakurketa: RW(36)/aW(36). Hau da, ezkerreko hankan, goitik hasita, gorria (Red) eta zuria (White); gainera, zuriak 36 zenbakia idatzita zeraman. Eskubiko hankan, goitik hasita, eraztun metalikoa (a), eta beherago zuria (White) 36 zenbakiarekin.


Informazio horrekin, Mokozabal horren nondik-norakoak lortu genituen: 
  • 2005eko uztailaren 5ean, gure Mokozabala txito bat zenean,  Vlissingen-en (Holandan) eraztundu zuten.
  • Bere lehenengo migrazioan, Le Teich-en (Frantzian) ikusi zuten, 2005eko irailean.
  • Senegalen ere ikusi omen zen, 2007ko apirilaren 15ean Djoudj-ko hegazti parkean.
Mokozabal honek 8 urtetan zehar egin dituen joan-etorriak ugariak izan dira. Ez aspertzeagatik, ez ditut denak hemen azalduko. Bakarrik esan, aurten Plaiaundira iritsi baino lehen, 4 egun lehenago, gure protagonista  Wolphaartsdijk-en (Holandan) dagoen Kwistengburg-eko parkean zegoen. Hau da, lau egunetan 990 Km. egin zituen hegan.

Eraztunduta dagoen hegaztien informazioa oso interesgarria denez, eraztunen irakurketak grina handia sortzen du. Horregatik, egun hauetan, Mokozabal-saldo bat Plaiaundiko aintziretara jaisten bada, ornitozale asko, teleskopioa eta argazki kamara hartu eta korrika irakurketa egitera joaten gara, ondoren, hegaztiaren istorioa jakiteko.


Hurrengo argazkiko Mokozabala adibidez, alemaniarra dela dakigu, hankan dituen eraztunen artean batek banderatxo berdea duelako. Banderatxo oria daramaten Mokozabalak, berriz, nederlandarrak dira, eta urdina dutenak, beljikarrak.


Espezie honen migrazioari buruz eta Plaiaunditik igarotzen diren Mokozabalei buruz informazio pilo bat jasotzen duena, SEyLA taldea da (Seguimiento de Espátulas y Lectura de Anillas). Huaek urteak daramate Mokozabalen jarraipena eta haien eraztunen irakurketa egiten. Haiek esan zidaten banderatxorik ez duen hurrengo Mokozabala frantziarra dela.


Eguraldi kaskarrarekin, migratzen ari diren Mokozabalek babesa bilatzen dute hezeguneetan. Horregatik, noiz behinka, Plaiaundiko paduretan ehundaka lagun ikus ditzakegu jaten, deskantsatzen edota gorputza eta lumak txukuntzen.


 

Egun batzuk geroago, Plaiaundin indarrak berritu ondoren eta eguraldia zertxobait hobetu badu, Mokozabalek alde egiten dute, berriz bere migrazio bideari helduz.


Agur eta hurrengo urtera arte lagun!