Ez dut gogoratzen aurtengo negua bezain luzerik. Maiatza bukatzen ari da eta oraindik neguko arropak eskura eduki behar ditugu eta, zer esanik ez, aterkia.
Hegaztiek egun hauetan jasan behar dituzten zaparradak eta kazkabarrak etengabe gertatzen ari dira. Hotz eta hezetasun hauek txitatzen ari diren hegaztiei ez dakit ezer onik ekarriko ote dieten. Umeak aurrera aterako al dituzte?
Herenegun bost Zankaluze eta beste hainbat Txenada parketik bueltatxo bat ematen ikusi genituen, baina, ez dakit eguraldiarengatik edo iparraldera bidea jarraitu nahi zutelako, berehala alde egin zuten. Atzo, berriz ere Lertxuntxo Handi bakarti bat San Lorenzon ikusi genuen.
Gaur, egun osoan ia ez du atertu eta atertu duen unetxoan mugimendu oso gutxi sumatu dugu. Zankaluze bat, Basahateak, Ipar-ahateak, Bernagorri arrunt batzuk eta ezer gutxi gehiago. Ia txori zantzurik ere ez dugu ikusi. Gutxi batzuk besterik etzebiltzan, alde batetik bestera, ia kantatzeko gogorik gabe.
Benarriz Arrunta - Carricero Común - Sedge Warbler |